Audiogida - 2

audioguide

2 - Migrazio-ibilbidea

Gure aurrean dagoen mapak planetako eskualde zabal bat erakusten du, Artikoko zirkulu polarretik hasi eta Saharaz azpiko Afrikaraino heltzen den eskualdea, hain zuzen ere. Urtero, milioika hegazti joaten dira Europatik Afrikara eta alderantziz, migraziorako autobide handi baten bitartez: Atlantiko Ekialdeko ibilbideaz ari gara. Udazkenean, Groenlandian edo Britainiar Uharteetan hazten diren hegaztiak eta Eskandinaviatik edo herrialde baltikoetatik datozen beste hegazti batzuk ibilbide horretan elkartzen dira.

Hegazti horiek Iberiar Penintsulara hurbiltzen direnean, oztopo geografiko handi bi aurkitzen dituzte: Kantauri Itsasoa eta Pirinioak. Bi oztopo horiek elkartzerakoan, migrazioen botila-lepoa sortzen da, eta, ondorioz, derrigorrez Euskal Herritik sartzen dira Penintsulara. Testuinguru horretan, euskal hezeguneek garrantzi handia dute atsedenerako eta elikadurarako toki gisa.

Iberiar Penintsula zeharkatu ostean, hegazti horietako asko Saharako basamortuaren gainetik joango dira hegan, negualdia Afrikako mendebaldeko kostaldeko zenbait lekutan sakabanatzeko. Mauritaniako BANC D´ARGUIN, Senegalgo Deltak edo Niger ibaia izango dira euren jomugetako batzuk, eta bidaiarienak Hegoafrikara ere iritsiko dira, euren hazkuntza-guneetatik milaka kilometrora.

Mapan markatuta agertzen diren puntuak hezeguneak dira. Hegaztiek bertan hartzen dute atseden eta bertan elikatzen dira, migrazioak dirauen bitartean. Hezeguneen izenak eskuinean daude adierazita, eta izenaren tamaina handiagoa edo txikiagoa da, hezegune bakoitzak duen garrantziaren arabera. Guzti-guztiak dira funtsezkoak; izan ere, horiek gabe, hegaztiei ezinezkoa egingo zitzaien negualdia igarotzeko lekuetara heltzea eta hurrengo urtean bueltatzea, duela milaka urtetik hona etenik gabe errepikatu izan duten joan-etorriko bidaia betez.

Geografikoki, elkarrengandik urrun dauden bi leku nabarmendu ditzakegu: WADDENeko ITSASOko kostaldeak, uretako hegazti gehienak bertatik irteten baitira udazkenean, eta Mauritaniako kostaldean dagoen DANC D´ARGUIN, bertan egoten baitira hegaztiak neguan. Bi mutur horien artean garatzen da Atlantiko Ekialdeko migrazio-korronterik handiena.

Panel handiaren alboetan, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban ikus daitezkeen espezierik enblematikoenetako batzuen argazkiak daude ikusgai.

 
Laguntzaileak

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our privacy policy.

I accept cookies from this site.

EU Cookie Directive Module Information