KOKAPENA / Urdaibaiko Biosferaren Erreserba

Urdaibai, Euskal Autonomia Erkidegoko Biosferaren Erreserba bakarra izateaz gain, euskal itsasbazterreko espazio babesturik baliotsuena da. 22 udalerriz dago osatuta, eta 45.000 biztanle inguru bizi dira bertan. Bere lurraldea Oka errekaren arro hidrografikoari dagokio, eta 220 km2-ko zabalera dauka. Bertan, ekosistema eta paisaia mota ugari daude, eta, besteak beste, artadi kantauriarrak, landazabal atlantikoa, kostaldeko itsasbazterra eta padurak nabarmentzen dira.

Padurak Euskal Herri Atlantikoko hezegunerik garrantzitsuenak dira, bai duten hedaduragatik zein bertako habitaten kontserbazio-mailagatik. Hori horrela, oso leku esanguratsua da hegaztien atseden-gune gisa, migrazio-aldietan eta negualdian.

Urdaibaik garrantzi ekologiko eta ornitologiko handia dauka. Aldi berean, oreka interesgarria dauka gizakiak sortutako jarduera ekonomikoen eta natura oparoaren artean, eta, ondorioz, garapen iraunkorrean oinarritutako garapen sozioekonomikoko eredua nagusitzen da. Oreka horri esker, UNESCOk Biosferaren Erreserba izendatu zuen 1984an.

Biosferaren Erreserbaren garrantzi ornitologikoaren aintzatespen gisa, bertako hezeguneak HBBG gune (Hegaztien Babes Berezirako Gunea) izendatu ziren 1994an, eta, ondoren, lurralde hau Natura 2000 Sarearen barruan sartu zen. Era berean, nazioarteko mailako garrantzia duten hezeguneen Ramsar Hitzarmenean sartu zuten 1992an.



Urdaibaiko Biosferaren Erreserbak duen aberastasun ornitologikoa abalatzeko, inguru honetan hainbat ikerketa egin dira aspaldi-aspalditik. Hori horrela, urte osoan, 250 bat hegazti-espezie ikus daitezke Erreserban.

Informazio gehiago: https://www.euskadi.net/informacion/urdaibai-biosfera-erreserba/r49-rbu/eu/

 

 
Laguntzaileak

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our privacy policy.

I accept cookies from this site.

EU Cookie Directive Module Information