Audiogide 5

audioguide

5 - Urdaibai

Euskal itsasertzeko espazio naturalik baliotsuenaren aurrean gaude. Espazio hau Biosferaren Erreserba izendatu zuen UNESCOk, 1984an. Horrela, Euskadiko lehenengo espazio babestua izatera heldu zen.

Erreserbak 20 km inguruko luzera dauka, eta 12 km-ko gehienezko zabalera. Beraz, Bizkaiko probintziaren hamarrena okupatzen du, eta 22 udalerri daude bere baitan. Oka eta Golako ibaien arro hidrografikoak osatzen du Urdaibairen lurralde-mugaketa.

Bi ibai horien inguruan itsasorantz irekitzen den haran zabala dago; hain zuzen ere, barrualdeko mendietatik hasita, Gernika-Lumoko hiribilduan hasten den eta Mundakan amaitzen den estuario handi bateraino heltzen da harana, baina, aurretik, paisaia-mota ugari zeharkatzen ditu: mendiko larreak, landazabalak, basoko laborantzak, artadi kantauriarrak, ibarrak eta padurak, eta, amaiera aldean, dunak, hondartzak eta kostaldeko labarrak.

Hain zuzen ere, paisaien arteko mosaiko horren ondorioz, Urdaibaiko Biosferaren Erreserba espazio berezia da, eta, guztira, Euskal Herri osoko biodibertsitate-mailarik handienetakoa eskaintzen du.

Harrigarria da espazio txiki samar batean hainbeste sentsazio bizi ahal izatea; izan ere, hainbat habitat daude bertan, bai eta fauna eta landaretza mota ugari ere habitat horietan.

Kostaldean, itsasoko hegaztiez eta landaretza berezi batez goza dezakegu; izan ere, landare horiek muturreko giro eta baldintzetara egokitu dira. Ogoñoko itsaslabar ikusgarriak modu bertikalean erortzen dira itsasora, eta itsasoko hegazti batzuek eta hegazti harkaiztar batzuek bertan egiten dituzte habiak; horien artean, belatz handia nabarmentzen da.

Estuarioan sartuta, padurako lautada idoitsuak mareen arabera estaltzen eta azaleratzen dira. Bertan, hegazti zangaluze nekaezinek etengabe bilatzen dituzte zizareak, karramarroak eta molusku txikiak.

Barrurago, sekulako luxua da baserriz jositako landazabal handietatik paseatzea, bertako larre berde eta freskoetatik, txoriz betetako hesien inguruetatik. Hain zuzen ere, udaberrian, txoriek kantuz betetzen dituzte Erreserbako bazter guztiak.

Ur gardeneko erreketan, ur-zozo urriak, martin arrantzaleak eta sorgin-orratz ugari ikus daitezke.

Muinoetan, berriz, basoak dira nagusi, eta bertan bizi dira basurdea, katajineta edo orkatza, bai eta basoetako hegazti mordoa ere; eta, denen gainetik, okilaren danbolin-soinua entzun daiteke.

Urdaibaiko Biosferaren Erreserba naturako paradisu hutsa da, eta inguru honek koloreen eta sentsazioen mosaiko handi bat eskaintzen digu!

 
Laguntzaileak

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our privacy policy.

I accept cookies from this site.

EU Cookie Directive Module Information