Audiogida 11

audioguide

11 - Arrano arrantzalearen proiektua

Udazkena da Urdaibain. Itsasgoran, bizkarralde iluneko eta sabelalde zuriko harrapari bat leun-leun doa hegan paduren gainetik. Bat-batean, zerbait ikusten du han behean, eta amildu egiten da modu harrigarrian. Une batez, ur-azalak edertasun osoz islatzen du eszena hori, harik eta hegaztiak uraren aurka talka egin eta ispilua mila zatitan hausten duen arte. Gero, harraparia urrundu egiten da berriro, arrain bat atzaparren artean hartuta. Arrano arrantzalea da, Europako faunako hegaztirik karismatikoenetakoa.

Antzinaroan, arrano arrantzalea espezie arrunta zen Europako zati handi batean. Alabaina, deforestazioak eta jazarpenak murriztu egin zituzten arrano arrantzaleen populazioak, eta, ondorioz, harrapari eder hau Eskandinaviako baso zabal eta bakartietan eta Mediterraneoko amildegi menderaezin gutxi batzuetan baino ezin zen aurkitu. Zorionez, kontserbazioaren alde joan den mendetik egin izan diren ahaleginei esker, espeziea berreskuratu egin da, astiro-astiro baina etengabe.

Gaur egun, Urdaibain ez du habia egiten. Hala ere, arrano arrantzaleak urtero bisitatzen gaitu, udazkeneko migrazioan zein udaberriko lehenengo hilabeteetan. Izan ere, Urdaibai migrazio-bidean dago, eta Europako iparraldean habia egin eta negua Afrika tropikalean igarotzen duten hegaztiak hemendik igarotzen dira.

Gaur egun, programa bat egiten ari gara Urdaibain, arrano arrantzalea ez dadin soilik paseko hegaztia izan. Hain zuzen ere, programaren helburua da harrapari ikusgarri honek gure Erreserban egitea habia. Datozen urteotan, Eskoziatik eta Finlandiatik ekarritako arrano gazteak Urdaibain askatuko dira eta bertako girora moldatzen hasiko dira, bertara bueltatu daitezen eta bertan egin ditzaten habiak.

Arrano arrantzalea espezie bikaina da, harrapari enblematikoa, Europan Natura zaintzeko egin diren ahaleginen ikonoa. Hegazti hau Urdaibain dagoen bitartean, Erreserba hobeto kontserbatzen lagunduko digun tresna bat izango dugu eskura; ekoturismoaren sustapenerako eta heziketarako tresna indartsua, alegia.

 
Laguntzaileak

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our privacy policy.

I accept cookies from this site.

EU Cookie Directive Module Information