Elaia 2012-2013 proiektuaren azken berriak
Ostirala, 2012(e)ko uztaila(r)en 20-(e)an 08:23etan |
Badira 15 egun enara arruntaren jarraipen proiektuarekin hasi dela, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserban aukeratzeko ditugun 25 baserrietako enaren markaketaren kanpainarekin aurrera jarraitzen da. Dagoeneko 15 baserritako etarteetan ugaltzen dabiltzan enara helduak markatu eta jarraitu dira, eta migrazio-bidaia ikertzeko erabiliko den geolokalizadorea jarri zaie guztira 30 hegaztiri.
Aurtengo urtean Urdaibaiko baserrietan zehar egindako habien prospekzio eta jarraipenean zehar aipatzekoak dira ikusi ditugun hainbat gertaera. Betidanik enarak izan dituzten baserri askotan, hain estimatuak diren hegazti hauek udaberri hasieran etorri (Martxoa-Apirilean), eta baserri inguruan egun batzuk igaro ostean, desagertu eta habia egiteari utzi diote; litekeena da, apirilean jasan genituen eurite etengabeek eragin zuzena izatea. Bestalde, aspalditik enarak zituzten hainbat baserritan, etartearen eta baserriaren eraberritze lanen ondorioz, habia egiteko leku aproposik ez eta beste leku egokiago batzuen bila joan behar izan dute etorritako bikoteek. Guzti honekin batera, baserritarrek esandakoarekin eta guk ikusitakoarekin bat, iazko eta aurtengo urteetan enaren kopuruaren jaitsiera nabarmena eman dela antzeman da Urdaibaiko baserri inguruetan.
Hala eta guztiz ere, eskertzekoa da baserritar zaharrenek nahi gabe bada ere, espezie honen kontserbazioaren alde egiten duten lana; nekazaritza tradizionalaren mantentzea, etxabereen erabilera eta batez ere belaunaldi berriei hain estimatua duten hegazti honek duen garrantziaren transmisioan egindako esfortzua; hori dela eta, badira oraindik baserri eta etxe batzuk, udaberri eta uda guztietan hain preziatua den bizilagun honi, beraien etxebizitzetan lekutxo bat egiten diotenak.
|